Zeharbide irristakorrak

12/06/2017 | Jokin Bildarratz

rss Ezagutzera eman
Zeharbide irristakorrak

DESCARGAR IMAGEN

Ez, zerga amnistia ez dute legez kanpokoa deklaratu euren ondasunak legez kanpo ezkutatuta izan dituztenei Espainiako Gobernuak beste guztiok bete behar ditugun baldintzak baino askoz hobeagotan legeztatzeko aukera eman dielako, ez.

Ez, arazoa ez da izan Montorok bereizketak egin dituela herritar guztiok ditugun eskubide eta betebehar berdinetan, ez; gainera, Ogasunari, guztioi, iruzur egiten aritu direnen mesedetan.

Ez, ez da zigortu Estatuak bere betebeharrei muzin egin izana, ez. Hain zuzen ere, herritarrek gastu publikoari egin beharreko ekarpena baldintza berdinetan egingo dela bermatzeko ardurari.

Gaizki dagoena bidegabekeri horiek guztiak egin ahal izateko modua izan da, Auzitegi Konstituzionalaren arabera. Forma akatsa deritzona.

Ogasun Ministroak ahalbidetutako amnistia fiskala bertan behera uzteko arrazoi bakarra, Espainiako Gobernuak horretarako Lege Dekretua erabili izana da. Formula desegokia omen da Konstituzioaren Lehen Tituluko oinarrizko eskubideei eragiten dieten gaietan, eta gastu publikoen sostengua horien artean dago. Hau da, nagusikeri horiek guztiak egiteko Lege Proiektua bideratu eta onartzea lortu izan balu, popularren ekimena lehengo besteko bidegabea izango zatekeen, baina legala.

Guzti hau jakinik, ez naiz oso lasai geratzen, izan ere gehiengo osoa izango lukeen alderdi politiko batek ez zukeelako inolako arazorik izango, berak bakarrik, amnistia fiskal hau aurrera ateratzeko. Alderdi Popularrak hamargarren legealdian izan zuen aukera hori modu legalean egiteko, zeharbide hori hartu izan ez balu. Baina, esaera zaharrak dioenez, zeharbideak irristakorrak izaten dira, eta oraingoan Montoro hankaz gora erori da.

Dena dela, egoera honek Gobernu baten jokabidea azaleratzen du: Ogasuneko tekniko eta alderdi politiko eta sindikatu guztien kontra ez ezik, justizia eta logika guztiaren kontra, gehiengo osoaz puztuta, formei, itxurei ere erreparatu gabe demokrazia nahierara erabili nahi izan duen Gobernuaren jokabide zapaltzailea.

Sigue con Nosotros
Next Euskadi
Aberri Eguna 2018