Next Euskadi

Demokrazia eta legea ez dira gauza bera

20/09/2017 | Jokin Bildarratz

rss Ezagutzera eman
Demokrazia eta legea ez dira gauza bera

DESCARGAR IMAGEN

Kataluniako egoera nahasian hainbat hari muturri tiraka dabil Espainiako Gobernua, korapiloa ahal den eta gehien trabatzeko. Azken-aurreko tenkada independentziaren inguruko galdeketa egin dadin laguntzeko prest azaldu diren alkateen aurka egin du Alderdi Popularraren exekutiboak, modu maltzurrean jokatuz. Azkena, oraingoz, Generalitatearen interbentzio ekonomikoa egiteko saiakera da. Argi dago urriaren 1a arte bide honi jarraipena emango diotela.

Alkate eta Euskadiko Udalen Elkarteko presidente izan naizen heinean, ongi dakit udalburuen lana dela politika mailan aberasgarriena. Herritarren kezkak eta pozak zuzenean jasotzen ditu alkateak, baina, aldi berean, lehen lerroan lanean diharduen ordezkari ahulena ere bada. Horretaz baliatu nahi du Mariano Rajoyk kataluniarren erreferendumerako apustuan beste zirrikitu bat irekitzeko.

Rajoyk berak modu baldarrean adierazi nahi izan zuen bezala, herritarrek aukeratzen dute alkatea, horregatik, inork imajinatzen al du alkate bat bere herriaren borondatearen aurkako erabakiak hartzen? Erraza da Moncloako bulegoetatik telefonoa hartu eta hori exijitzea, baina arduragabekeria politiko bat ere bada.

Aristotelesek esan ohi zuenez, korapilo bat askatu ahal izateko, aurreneko eginbeharra korapiloa nola sortu den jakitea izango litzateke. Rajoyk jakin beharko luke Kataluniako gizartea oso haserre dagoela azken urteotan Espainiako Gobernuak eginiko kudeaketa txarrarekin, 2010. urtetik hona bereziki. Beraz, gai hau konpondu nahi badu, atzera begiratu beharra dauka eta non huts egin den ikusi. Egia esanez, urriaren 1eko erreferenduma bere arazoen artean txikienetakoa izan daiteke.

Aristotelesi jaramon eginez, azter dezagun zergatik sortu den giro hau Katalunian. 2003. urtean hasi zen arazoa ari gara bizitzen orain. Orduko hauteskundeetan Artur Mas buru zuen CiUk eskuratu zuen eserleku gehien Parlamentuan, baina Tinelleko Itunari esker, ERCk PSCko Pasqual Maragalli eman zion babesa Generalitateko Presidentea izan zedin. Horrela egin zuen hurrengo legegintzaldian ere, Kataluniako Estatutua negoziatu behar zen legegintzaldian.

Estatu mailan, Zapatero zen sozialisten hautagaia Moncloa biderako konpainian eta Kataluniako Legebiltzarrak onartutako testua errespetatuko zuela agindu zuen. Esaldi borobil hura esan eta gutxira, sozialistak bi gobernuetako agintean zirela, zapatariak zapata ardurak utzi eta arotzarenak hartu zituen eta Kataluniako Legebiltzarrak onartutako estatutua zepilatu egin zuen, Alfonso Guerrak Sestaoko mitin batean lotsarik gabe esan zuenez. Azkenean, Gorteetatik atera zen dokumentuak ez zeukan zerikusirik sartu zenarekin.

Mozketak mozketa, Estatutuak aurrera egin zuen eta Kataluniako herriak baiezko botoa eman zion. Erreferendumean parte hartzea eskas xamarra izan zen, eta hori erne egoteko moduko abisua izan zen. Ilusioz beteriko momentu bat izan beharrean bi lagunetik bat ez zen bozkatzera joan, eta horrek zer pentsatua eman behar zuen. Hori gutxi balitz, Rajoyren PPk Estatutu berriaren kontrako sinadurak bildu zituen; gehienak Kataluniatik kanpokoak ziren, baina jokabide horrek argi erakutsi zuen PPri bost axola zitzaiola Erkidego baten kontra joatea, trukean boto batzuk eskuratu ahal bazituen.

Benetan harrigarria da Kataluniako Legebiltzarrak, Espainiako Kongresuak eta Senatuak, eta kataluniarrek onartutakoa, Auzitegi Konstituzionalak nola utzi ahal duen bertan behera. Hor dago gakoa, hor dago korapilo honen guztiaren hasiera. Benetan hausnartzekoa da nola bultza dezakeen bide hori Alderdi Popularrak.

Horren guztiaren ondoren, galdera bat sortzen da: zer egin dezake gizarte batek bere borondate politikoa behar den bezala kontuan hartzen ez dela ikusten duenean? Argi dago Katalunia eta Euskadi beti izango garela gutxiengoak Estatuan; zer egin behar dugu gizartearen iritzia ezagutzeko? Ezin dela jakin esan nahi al digute? XXI. mendeko politikan gizarteari iritzia eskatzeko debekuak ez du ez hanka ez bururik.

Konstituzionaleko letratua den Xabier Arzozek, aipatzen duen moduan, bai XIX. mendearen bukaeran eta baita XX. mendearen hasieran ere, bai G. Jellinek eta K. Rennerrek gehiengo/gutxiengo jokoa aztertzerakoan, kontuan hartu behar dugu hainbat errealitate nazional estatalak diren errealitate nazionalak baino txikiagoak izango direla; eta nazio bat bestea baino handiagoa izateagatik ezin dio inposatu besteari bere nazio ezberdin horren ikuspegia.

Horixe da benetako arazoa: ez PPk, ezta PSOEk ere ez dutela sinesten Estatuan errealitate nazional ezberdinak daudenik, eta nazio bakoitza subjektu politiko bat denik; subjektu horrek bere nazioari dagozkion oinarriak erabakitzeko eta aukeratzeko eskubidea duenik. Hortik aurrera, demokraziaren aurkako jarrera bat nagusitzen da. Demokrazia eta legea ez dira berdinak, azken finean beti demokrazia legeen gainetik dago eta egongo da.

Nire iritzi artikulua, gaur Berrian.
http://www.berria.eus/paperekoa/1832/014/003/2017-09-20/demokrazia_eta_legea_ez_dira_gauza_bera.htm

Next Euskadi
Aberri Eguna 2018