Next Euskadi

Aurrerapauso baikorra Kolonbian

27/06/2017 | Jokin Bildarratz

rss Ezagutzera eman
Aurrerapauso baikorra Kolonbian

DESCARGAR IMAGEN

Gaurko armagabetzearen azken ekimenarekin Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek (FARC) 50 urteko jarduera bortitzari amaiera emango diote, alderdi politiko bihurtzeko bidean. Ezin da ahaztu hauen jarduerak 300.000 hildako eta sei milioi desplazatu eragin dituela, baina baikortasunez hartu beharreko egoera bizitzen ari garela onartu behar da.

Apirilean Hegoamerikako herrialde horretan izan nintzen eta hango gizartearen zatiketa nabaritu nuen, bake prozesuari babesa emateko urrian egin zen galdeketan islatu zen zatiketa: Santos Errepublikako presidenteak bakerako bidean doan Kolonbia berriaren adierazle ikusten du FARCen aurrerapauso hau, baina Uribe presidente ohiarentzat ez da nahikoa, eta prozesuaren aurka agertu da. Bi politikari hauen arteko norgehiagoka klabe garrantzitsua da gizartearen zatiketa honetan eta eragina izango du 2018an izango diren hauteskundeetan; baita bake prozesu ahul honek izango duen etorkizunean.

Gure ikuspuntutik, ezinbestekoa da Kolonbiako eta Euskal Herriko indarkeriaren amaiera prozesuak konparatzea; onartuta bakoitzak ezaugarri propioak dituela, badituzte elementu komunak ere. Horren adierazgarri nabaria da Alvaro Uribek berak egoera bien aurrean Rajoyk jokabide kontraesankorra izaten ari dela jakinarazi zidala: zorrotza eta entzungorra Estatu espainiarrari dagokionean; malgua eta ulerkorra bere herrialdetik urrun ematen denean.

Hemen ere bortizkeria eta hildakoak sufritu genituen, eta hori ez dugu ahaztu behar, baina ea Kolonbiarako dugun baikortasun hori gure lurraldera ere zabaltzen den.

Next Euskadi