Next Euskadi

Aintza, bere izenari

29/05/2017 | Jokin Bildarratz

rss Ezagutzera eman
Aintza, bere izenari

DESCARGAR IMAGEN

Gaur bezalako egun batean, 1953an, historian lehen aldiz gizaki batek Everest mendiaren gailurra zapaldu zuen. Balentria hau betirako geratuko da lotuta Edmund Hillaryren izenarekin, nahiz eta Zelanda Berrikoarekin batera Tenzing Norgay Nepalgo sherpa ere heldu zen lurreko mendirik garaienaren tontorreraino. 

Gertaera historiko hau dakart lerrootaraino oraintsu Pablo Iglesiasek adierazitako baieztapen baten harira; Podemoseko buruzagiaren esanetan, eurak izan dira «Football Leaks delakoaren inguruan Kongresuan galdetu duen Talde Parlamentario bakarra»; La Sextaren arabera, hau gezurra da,  ERC, Ciudadanos eta PDeCat alderdiek ere futbol jokalariek egindako ustezko delituengatik galdetu dutelako Behe Ganberan. Antza denez, ahaztu egin zaie nik ere beste horrenbeste egin nuela, nahiz eta Goi Ganberan izan; Iglesiasek baino aste bete lehenago, gainera.

Izan ere, Estatuko politikaren egungo egoerak balentria ausart haiek mendebaldeko gizarteko konkistatzaile handien izenekin bataiatzen zireneko aspaldiko garaiak ekarri didate gogora, beste jatorri batzuetako laguntzaileak ezkutuan geratzen ziren bitartean. Eta horixe gogoratu dit, gaur egun lau alderdi politiko nagusien ekimenak baino ez direlako kontuan hartzen, besteak konpartsa hutsa bagina bezala utziz. Eta ez naiz ari bakarrik komunikabideek ematen dieten tratu bereziagatik; urrutira joan gabe, duela aste bi EuroCitizens Elkarteko lehendakariordeak Brexitaren inguruan «laurekin» hitz egin zuela onartu zigun, lasai asko, Europako Batasuneko Batzorde Mistoan Taldeetako ordezkarioi azalpenak ematerakoan. 

Ez ditut zalantzan jarriko Sir Edmund Hillaryren merituak Everesten (mendebaldeko beste izen bat  Chomolungma edo Deodungha mendia bataiatzeko), baina justuak izateko onartu beharrekoa da, ez bakarrik berak eta Tenzing Norgayk balentria horretako heroi parekideak izan zirela (espedizio hartako sustatzaileek goraipatu zutenez), baizik eta, seguruenik, batak bestearen laguntzarik gabe ez zuketela inondik inora gauzatuko. 

64 urte geroago, oraindik ikusten dugu, bere izenaren aintzarako, mendian gora lanean aritu diren eta aritzen diren hainbeste gizon-emakumeren lana aitortu gabe gailurrera heldu nahi duenik badagoela.

Next Euskadi
Aberri Eguna 2018