Next Euskadi

Erreferendumak eta Senatuko 155 zenbakia

14/03/2017 | Jokin Bildarratz

rss Ezagutzera eman
Erreferendumak eta Senatuko 155 zenbakia

DESCARGAR IMAGEN

Duela egun gutxi, Vozpopuli egunkari digitalerako hiru hilabetez iritzi artikuluak egiten aritu ostean, aurrerantzean hauek ez zituztela argitaratuko jakinarazi zidaten; arrazoia, Auzitegi Gorenerako bidean Francesc Homs Presidentari babesa eman niola idatzi nuela eta horrek medioaren linea editorialaren kontra egiten duela. Hain zuzen ere, Espainiaren batasunaren aurka agertzen direnen alde egitea euren orrialdeetan onartu ezin duten marra gorria omen da. Dirudienez, komunikabideak Konstituzioaren 155. artikulu partikularra aplikatu dit; aitzitik, nik Senatuan okupatzen dudan 155. eserlekuak ematen didan bozgorailua erabiltzen jarraituko dut.  

Lehen aipatutako egunkari digitalean eta Estatuko beste guztietan bi albiste agertu ziren atzokoan, bata bestearen atzean, irudimenak baino marrazten ez dituen marra gorririk gabe: batean, Artur Mas Kataluniako Presidentaren bi urterako kargugabetzeaz hitz egiten zen; bestean, Nicola Sturgeon, Eskoziako Ministro Nagusiak 2018ko udazkena eta 2019ko udaberria artean herrialde horren independentziaz erabakitzeko erreferenduma egingo zela iragarri zuela jakinarazten zen.

Espainia eta Erresuma Batua Europako Batasuneko kide diren herriak dira (momentuz, behintzat): herri modernoak, ekonomikoki indartsuak, batak 47 milioi inguru biztanle ditu eta besteak 60 milioi inguru…; biak mundu berdintsuan mugitzen dira, globala, lehiakide berdintsuekin, errealitate eta arazo berdintsuekin… Halere, demokraziaren esanahiaz duten irizpidea guztiz desberdina da: Kataluniako Parlamentak hartutako erabaki bat gauzatzeagatik, Mas kargugabetu egin du Estatu espainiarrak; Erresuma Batuan, ordea, horrelakorik bururatu ere ez zaie egiten, ezta galdeketa debekatzea ere, egiten dutena da eskoziarrak motibatzen ahalegindu Erresuma Batuan gera daitezen.

Duela aste bete SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko parlamentari batekin batzartzeko aukera izan nuen: prozesuaz hitz egin genuen, Brexit delakoaz eta honek Europan izango zuen eraginaz… Bere iritziz, honek 2014an eman ziren baldintzak guztiz aldatzen ditu, eta aldaketa kualitatibo horrek beste erreferendum bat egitea justifikatzen du eskoziarrek Erresuma Batuan jarraitu nahi duten ala ez jakiteko, edo, beste modu batera esanda, Europako Batasunean jarraitu nahi duten ala ez jakiteko, Erresuma Batua baita alde egin nahi duena. Hori bai, inondik inora aurreikusten ez zuena zen Downing Streeteko Gobernuak galdeketa debekatu edo oztopatuko zuenik.

Zein ondorio atera daiteke egoera hauek ikusita? Estatu biek demokrazia bi modu ezberdinetan ulertzen dutela: Erresuma Batuak demokrazian sakondu nahi du eta herritarren iritzia jakin nahi du; Espainiak demokrazia gauzatu nahi dutenak zigortu egiten ditu.

Bitartean, Espainiako Gobernuan agintzen ari den Alderdi Popularrak Euskadiko 15. kongresua egingo du asteon. Euskadiren etorkizunean protagonista izan nahi omen dute ‘popularrek’, baina euren jokabide zurrunarekin gero eta ordezkaritza gutxiago lortzen ari dira lurraldetasun arazoa duten herrietan, nortasun desberdina duten Estatuko nazioetan, demokrazian sakontzeko nahia duten lurraldeetan.

Next Euskadi
Aberri Eguna 2018